Nortzuk gara

Dispertsioaren distantziak gaindituz elkarlanean aritu garen hiru kide eta lagunak gara. St Martin de Ré espetxetik abiatu ziren 2017ko urtearen hasieran Zigorrek harriz egindako eskulturen argazkiak. Yon dagoen Murtzia espetxera eta Alaitz dagoen Bretainiako Rennes espetxera, biok, Zigorrek zorroztutako zizelez adierazi nahi diguna, zorroztutako hitzez osatutako bertsoen bidez azaldu ahal izateko.

Hirukote honi, Edu Martinez laguna eta argazkilaria gehitu behar diogu. Bilbotar honek, eskultura bakoitzak oroitarazten digun eszena hautatu eta irudiak hartu ditu, bertsoei euskarri ederra eskainiz horrela.

Eta gero, zorroztarri ere badira erakusketa hau posible egiten duten lagun eta senideak. Haiek gabe ez zen posible izango. Haiek ibili dira kilometroak gora eta behera kilo askoko eskulturak mugitzen. Haiek erraztu dute gu hiruron arteko kontaktua. Haiek abestu dute Yonek ezin grabatutako bertsoak. Haiek antolatzen dute hainbat erakusketa saio. Haiek sortu dute gune hau eta hainbat euskarri atera.

Guztien izenak aipatu ezinez, joan dadila hemendik gu hiruron aitortza eta esker ona guztiontzat.

Zigor Merodio Larraona

Bilbo, 1974
2006an Bordelen atxilotua, Zigorrek bi urte zeraman Fresneseko espetxean buztinezko eskulturak egiten hasi zenean. 2012an, bertatik gaur egun dagoen St. Martin de Ré kartzelara eraman zuten, hor harrizko eskulturak egiteko parada duelarik.

Eskulturak eman dio kartzela barrutik aldarrikatzen eta bere ekarpena egiten jarraitzeko aukera. Horrela, 2014ean bere lehenengo erakusketa izan zen “aldharrikatuz” burutu zuen.

Alaitz Areitio Azpiriz

Iurreta, 1979
2007an Okzitaniako Baigneres de Bigorren atxilotu zuten Alaitz. Fleury espetxean sartu zuten eta bertan pasa zituen bost urte. Gaur egun Bretainiako Rennes kartzelan dute preso.

Bertsolaritzarekiko harremana betidanik izan du Alaitzek, izan ere aita bertsolaria du. Gazteago izanda bera ere aritu izan da hainbat saioetan. Orain aldiz, senide, lagun eta kideentzat gordetzen du bere jarioa.

Yon Troitiño Ciria

Intxaurrondo, 1980
Yon 2005eko uztailean atxilotu zuten Brive la Gaillarden. Fresnes espetxean pasa zituen Frantzian ezarritako zigorraren lehenengo lau urteak. 2010an Espainiara eraman zuten eta geroztik Murtzian dute preso.

Betiko bertsozale amorratua, zaletasuna kartzelan garatu zuen, bere kideen artean laster ospe bat irabazi zuelarik. Hau dela eta kideentzat egin behar izan dituen bertsoak ez dira gutxi izan.